Archivo de la etiqueta: MANIFESTUA

LUGATIBE MANIFESTUA

MANIFESTUA

Transak gara, maritxuak gara, urdangak gara, txaperoak, queer indarra, tortillerak, bisexualak, marigizonak, herrenak, trabestiak, de(s)generatuak, sexu definitu gabekoak, heterodisidenteak…. LUGATIBE gara!!! Nafarroako transmarikabibollera asanblada.

                  Mundua eraldatzeko intentzioarekin jaio gara, sistema heteropatriarkatua aurrez aurre borrokatzeko. Honen egiturek zapaldu eta jerarkizatu egiten gaituzte, beren kategoria binarioek ito eta bere kontrol ideologikoa, hala nola heteornormatibitateak, irentsi.

                  LGTBfobia oro desagerrarazteko borrokatuko dugu, datorren tokitik datorrela, eskola, ikastetxe zein unibertsitateetako bullyngetik hasita, eraso mota guztietara, bai fisiko, psikologiko, ahozko zein sexualetara. Horretaz gain ez dugu onartuko maritxu, bollera, trans, bi, inter… zein beste dibertsitate sexualaren pertsekuzio, patologizazio edo kriminalizaziorik.

                  Eraso hauen aurrean ez gara ixilik geratuko eta gure erantzuna sendoa izango da. Horretarako manifestatu, kontzentratu, oihukatuko dugu, performatizatuko gara; harresi sexualak behera bota eta txortan egingo dugu nahi dugun moduan, nahi dugun tokian. ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! Hau da LUGATIBEren espiritua.

                  Ixilik nahi gaituzte, gure etxe zein ghettoetan preso, eta horren aurrean gure burua ikusgarri egingo dugu, gertu senti gaitzatela, beren lepoan gure arnasa sentituz, gure lumak, gure marigizona, zein femme harro ateraz. Horrela toleratuak izatetik ERRESPETATUAK izatera pasatzeko.

                  Gure takoiekin, gure gorputzekin eta gure plazer jarioekin aurre egingo diogu sistema heteropatriarkatuari. Gizartean ikusiak izatea gure oinarrietako bat da, eta sexualitate libre, sano eta adostua ditugu gure armak.

Heterosexualitate normatiboaren aurrean sinergiak sortzea da gure lan egiteko modu bat. Horregatik LUGATIBE ez dago bakarrik, beste talde, kolektibo, asanblada eta pertsona askorekin konpartitzen ditugu helburu hauek eta horretarako elkartasuna erabili nahi dugu erresistentzia eta aldaketa unitate moduan.

                  Ardatz tematikoekin lan egingo dugu teoria eta praktikaren bitartez. Jendartean ezezagunak eta urrunak diren guneak zein taldeak ikertu, goraipatu, haiengandik ikasi eta disfrutatu egingo ditugu.

                  Hala ere ez ditugu ahazten beste dozenaka borroka daudela, hala nola langileen borrokak, feministak, ikasleenak, minoria etnikoena, independentistak zein herrien autodeterminazioen aldekoak… Maritxuak, bollerak, biak, transak, intersexualak… izateaz gain langabetu, ikasle, euskaldun… zapalduak garelako.

Horregatik oihukatu egiten dugu

GORA BORROKA TRANSMARIKABIBOLLERA!

Iruñeako kaleetatik mundua aldatu nahian

LUGATIBE